XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hamabost urte pasa dira nere tesia idatzi nuenetik.

Barre egin zidaten kolega askok aukeratutako gaia jakin zutenean baina haiek ez zuten nere lehendabiziko senarra ezagutu, ez alajainena!

Ez zen hemengoa.

Filadelfian jaioa, New Yorken egin zituen ekonomia ikasketak eta bertan geratu zen harik eta multinazional batean lana aurkitu eta egoitza baten zama eraman zezan hona bidali zuten arte.

Jim Clayton gizarajoa!

Maiteminduta geundenean izugarri pozten nintzen bere ahotsa entzutearekin bakarrik (sikiatrak ere berdin maitemintzen gara).

Hamar minututik behin jasotzen nuen deiren bat eta Clayton jauna da entzute hutsarekin zorabiatzen nintzen.

Orduan oraindik ez neukan bulego propiorik eta saileko lankide guztiek zekiten gure amodioaren berri.

Behin ezkondu eta gero ere, hamar minututik ez baina ordulaurdenero hotsegiten zidan.

Askotan, gehienetan, ezer ez esateko.

Besterik gabe, zer moduz ote nengoen galdetzeko eta noiz edo non elkar ikusiko genuen erabakitzeko.

Bizpahiru urtetara ia jasanezina bihurtu zitzaidan.

Esan egin nion, alegia, lana ere galerazi egiten zidala hainbeste deirekin eta mesedez pixka bat neurtzen hasteko.

Sekulakoak entzun nituen bueltan!

Ja ez nuela maite, aspertu ninduela, nazkatu nintzela bera ikusteaz, nola ba?

Elkar ikusi ere apenas egiten genuen eta!

Azken eguna oso trajikoa izan zuen.

Etxean nengoen bere zain.

Turnoa bukatuta.

Zinera joatekoak ginen.

Hamar minutu lehenago bazetorrela esan zidan telefonoz.

Kotxetik deitu ninduen ondoren (ordurako ekarria zuen bere herritik autorako telefonoa) ea prest ote nengoen jakiteko eta ordu laurden barru hemen izango nuela adierazteko.

Hirugarren deia ere kotxetik egin zuen: Istripu bat izan dut, l.a.z.t.a.n.a.